
Deribatu partzialetako ekuazioen artean, badago bat elektroien mugimendua aztertzen duena ikuspuntu erlatibista batetik. Ekuazio hori Diracen ekuazioa bazala ezagutzen da. Ekuazio hau 1928. urtean Paul Dirac fisikariak asmatu zuen eta historian zehar ekuazio garrantzitsua izan da mekanika kuan- tioko erlatibistaren sorrera ekarri zuelako. Hala ere, gaur egun pil pilean dagoen ekuazio bat da. Besteak beste grafenoaren azterketan erabiltzen da. Oinarrizko ikerketaren ikuspuntutik eta baita ikuspuntu teknolo- giko batetik ezinbesteko material bihurtu da grafenoa bere propietate elektronikoak direla eta. Horrez gain, quarken konfinamentua hadroien barruan deskribatzeko ere balio du. Lan honetan Diracen ekuazioaren definizoa, nondik datorren eta bere propietate batzuk aztertuko ditugu.
Nanopartikula magnetikoen eta giza zelulen arteko elkarrekintza hainbat faktorek eragindako prozesu konplexua da, horien artean, nanopartikulen konposizioa, haien gainazaleko estaldura eta zelulen ingurumena. Orain arte nanopartikulak sintetizatzeko gaitasuna soilik bakterio magnetotaktikoetan ematen zela uste zen arren, giza zelulek burdinazko nanopartikulak degradatzeko eta askatutako burdinarekin partikula berriak sintetizatzeko gaitasun handia erakutsi dute. Beraz, aurkikuntza honek burdinaren metabolismoan eta zelulen desintoxikazioaren ikuspegi baliotsua eskaintzen ditu. Nanopartikula magnetikoen bilakaerari buruzko ikerketek, haien diagnostiko eta terapiarako potentzialaren inguruko ulermen sakonagoa eskaintzen digute, batez ere, minbiziaren tratamenduan eta neurodegenerazioaren arloan. Bakterio magnetotaktikoetan burututako ikerketek, prozesu hauek giza zeluletan nola gauzatzen diren ulertzen lagun gaitzakete.
Ugalkortasun eza ugalkortasun-adinean dagoen bikote batek babesik gabeko sexu-harreman erregularrak izan ondoren haurdunaldia lortzeko ezgaitasuna edo haurdunaldia lortzea baina gero galtzea bezala defini daiteke. Ugalkortasun ezari aurre egiteko hiru estrategia terapeutiko nagusi bereizten dira: terapia farmakologikoa, terapia kirurgikoa (endoskopia gehienbat), eta lagunduriko ugalketa teknikak (Assisted Reproductive Techniques, ART). ARTek haurren osasunean duten eragina etengabeko kezka da. Ikerketa batzuek adierazten dute teknika hauen bidez jaiotako haurrek ondorio neuropsikiatrikoak edukitzeko aukera gehiago dituztela. Beraz, lan honen helburuak ART eta haurrengan Autismo Espektro Nahastearen (AEN) edo Arreta Gabezia eta Hiperaktibitate Nahastearen (AGHN) neurogarapeneko arazoen arteko lotura aztertzea, eta aurreko erlazioetan eragin dezaketen nahasmen-faktore posibleak identifikatzea izan ziren. 2015 urtetik aurrera Pubmed datu basean argitaratutako aurreranzko edo atzeranzko kohorte ikerketen edo kasu kontrolen ikerketen artean, AENren eta AGHNren emaitzak aztertzeko zortzi eta bost ikerketa erabili ziren, hurrenez hurren. Ikerketa gehienek ARTen erabilera AENren arrisku handiagoarekin asoziatu zuten arren, doikuntzen ondorengo emaitza gehienak ez ziren estatistikoki esanguratsuak izan. Bi artikuluk mikroinjekzio espermatiko intrazitoplasmatikoaren (Intracytoplasmic Sperm Injection, ICSI) teknika AENren arrisku nabarmenagoarekin asoziatu zuten, in vitro ernalkuntza eta haurdunaldi espontaneoekin alderatuz. AGHNri dagokionez, ikerketek ez zuten ARTen eta AGHNren arteko asoziaziorik aurkitu. Ikerketa ezberdinetan nahasmen-faktore ezberdinak aztertu ziren eta garrantzitsuenak gurasoen ugalkortasun arazoak, erditze goiztiarra eta haurdunaldi anizkoitzak izan ziren. Jasotako datuek ART (bereziki ICSI) eta neurogarapeneko nahasteen arteko asoziazioaren inguruko ikerketa beharrezkoa dela iradokitzen dute.
Bakardadea sentimendu subjektibo da, atxikimendu figura orokor baten gabeziak edota gizarte rolak galtzearen ondorioz sorturikoa eta bizitzako edozein momentutan agertu daitekeena. Hauskortasuna giza funtzionamenduko eremu batean edo batzuetan (fisikoa, psikologikoa, soziala) galerak dituen pertsona bati eragiten dion egoera dinamikoa da, aldagai desberdinek eragindakoa eta osasunean kontrako emaitzak izateko arriskua areagotzen duena. Egoitzetan eta komunitatean bizi ziren 272 emakume eta gizonetan bakardadea sentitzeak hauskortasunarekin izan dezakeen harremana aztertu nahian zeharkako diseinu deskribatzailea duen azterlana burutu zen Euskal Herriko Unibertsitateko Gizakiekin lotutako Ikerketetarako Etika Batzordearen onespena jaso ondoren. Banakako saioetan jasotako datuen analisi estatistikoa SPSS 27.0 programa informatikoaren bitartez egin zen. Bakardadea sentitzea hauskortasun multidimentsional handiagoa izatearekin erlazionatu zen adinekoetan, emakumeetan dimentsio guztietan nabarmenduz. Gizonetan aldiz, egoitzetan bizi zirenetan bakardadea hauskortasun sozialarekin lotu zen eta komunitatean bizi zirenetan hauskortasun fisikoarekin.
Menstruazio aurreko sindromea (MAS) obulazioarekin batera ziklikoki agertzen diren sintoma somatiko eta afektiboen multzoari deritzo. Fisiopatologia guztiz ezaguna ez den arren, sexu-hormona eta serotoninaren garrantzia proposatu da. Sintoma arinak dituzten emakumeentzat psikoterapia eta neurri ez-farmakologikoak gomendatzen dira. Sintoma larriagoen tratamendua, serotoninaren birxurgapenaren inhibitzaile selektiboak (SBIS) eta ahozko antisorgailu konbinatuak (AAK) dira. Gure inguruan MASaren prebalentzia eta sintoma hauei ematen zaien tratamenduaren inguruan datuak biltzeko burutu da ikerketa-lan hau. Galdetegi anonimo baten bidez, 118 emakumeren erantzunak lortu ziren. Laginaren erdia baino gehiagok (%61) egin zuen kontsulta medikuari menstruazio aurreko sintomak zirela eta, baina MAS diagnostikoa %8k izan zuen soilik. Laginaren %18k hartu zituen gogo-aldartea hobetzeko farmakoak, baina soilik hauen %5ean izan zen MAS hobetzeko helburuarekin. Ahozko antisorgailuen erabilera zabalagoa izan zen (emakume guztien %48a), nahiz eta soilik %33k hartu MAS hobetzeko. Menstruazio aurreko sintomei buruzko kontsulta egin zutenen artean, gogo-aldartea hobetzeko farmako eta antisorgailuen erabilera %24 eta %60koa izan zen, hurrenez hurren. Sintomen hobekuntzari begira, gogo-aldartea hobetzeko farmakoak hartu zituztenen %24k eta antisorgailuak hartu zituztenen %58k bere sintomak hobetu zituen. Emaitzen arabera, menstruazio aurreko sintomak emakume asko kezkatzen dituen gaia litzateke, baina, gutxi batzuk dira diagnostikatuta, tratamendu egokiaren eskuragarritasuna mugatu dezakeena. SBISak MASaren tratamendurako lehen aukera diren arren, gure laginaren sintomen arintzerako ahozko antisorgailuen preskripzioa gailendu zen, eta pazienteek aurkezten zituzten sintomak hobetu zituzten gogo-aldartea hobetzeko farmakoek baino hobeto. Ikerketa-lan honek, bere mugak dituen arren, gure inguruko MASaren diagnostiko eta tratamenduari buruzko informazioa biltzen du. Interesgarria litzateke lehen arretako profesionalen MASaren inguruko ezagutza neurtzea eta diagnostiko eta tratamendu estandarizatuak dituzten ezagutzea.
Hirien energia-kontsumo handiak azpimarratzen du eraikuntza-sektorean energia-eraginkortasuna hobetzeko beharra. Behar horren aurrean, Europako, Estatuko edota tokiko energia-araudiak bultzatzen dira, hala nola, eraikinak A-tik G-ra kalifikatzen dituen energia-ziurtagiriaren beharra, zeinek energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoa eta CO2 isuriak ebaluatzen dituen. Bestalde, askotan, ez dira ezagutzen energia-portaera baldintzatzen dituen funtsezko aldagaiak, eta, kasu horietan, datu horiek balioetsi edo defektuz ezarri behar dira. Lan honek traba hori gainditzea du helburu, eta energia-aldagai ezezagunak doitzeko metodo sinple bat proposatzen du. Ereduzko ikerketa kasu bezala "C" energia-kalifikaziodun Gernika-30 izeneko eraikina modelatzen da Trnsys softwarearen bitartez, ondoren haren instalazio termiko zentralizatua optimizatzeko. Berokuntza-eskaria kalkulatzeko bero-galeren eta -irabazien arteko oreka-ekuazioa aplikatzen da, eta ezagutzen errazak diren eraikinaren geometria, orientazioa eta bero-transferentzia koefizienteak definitzen dira. Gainerako aldagaien doiketak, alegia, infiltrazio- eta aireztapen-galerak zein okupazio-, argiztapen- eta ekipo-irabaziak, oinarrizko sei doikuntza-etapen emaitzetatik lortzen dira, betiere Eraikinen Kode Teknikoaren jarraibideak aintzat hartuz. Emaitzen arabera, barne-irabaziek energia-kontsumoa %72 murrizten dute, eta aireztapen-galerek, berriz, %24 igo. Saiakuntza horiek erreferentziatzat hartzen dira eraikinaren azken eredu adierazgarria doitzeko. Ondorioz, simulazio dinamikoaren gaitasuna funtsezko tresna gisa agertzen da energia-kontsumoa optimizatzeko eta energia-birgaitzeko estrategiak garatzeko, eraikinen iraunkortasuna eta epe luzeko eraginkortasuna sustatuz.
Automatizazio industrialeko sistemak kontrolatzeko softwarea gero eta konplexuagoa denez, garapen- eta dokumentazio-metodologiak behar dira. Helburua softwarearen modularitatea hobetzea da, berrerabilera, enpresa-hierarkia osoan elkarreragingarritasuna, malgutasuna, iraunkortasuna eta hedagarritasuna areagotzeko. Alderdi horiek MEthodology for Industrial Automation (MeiA 4.0) metodologiarekin jorratzen dira. Metodologia horrek software-ingeniaritzaren praktika onenak aprobetxatzen ditu, baita automatizazio-ingeniaritzaren metodo eta estandar ondo hedatuak ere. Metodologiak kapsulatutako kontrol-osagaien multzo bat garatzeko gidak, txantiloiak eta tresnak eskaintzen ditu. Osagai horiek elkarrekin lan egiten dute, bai ohiko produkzioari bai akatsen dituen produkzioari heltzeko, eta automatizazioaren hierarkian goiko mailekiko integrazioa bermatzen dute. Garapen-prozesu osoan automatizazioaren alorreko terminologia erabiltzen da, eta horrek produkzio-sistemaren garapenean, instalazioan eta funtzionamenduan parte hartzen duten guztien arteko komunikazioa hobetzen du. Kasu praktiko gisa, mihiztatze-zelula baten kontrolaren garapena aurkezten da. Zelula hori osatzen duten lan-estazioak kontrolatzeko kapsula-unitate multzo batez osatuta dago, eta unitate horiek ekoizpen-helburuak lortzeko elkarreragiten dute. Metodologiaren aplikagarritasuna inguruko enpresetan ere frogatu da master amaierako lanen bidez.
Behor esneari ezaugarri osasungarriak egozten zaizkio Asian zein Europan, baina oraindik ez da bere osaera kimikoa guztiz ezagutzen. Gainera, beste animalia espezieen esnean aztertu denez, esnearen kalitatea hainbat faktoreren menpe dago. Hala ere, behor esnearen kalitatea aztertu duten ikerketek sarritan ez dute ekoizpen faktore ezberdinen eragina kontuan hartu. Hau dela eta, ikerketa honen helburua maneiu sistemak eta edoskitzaroak behor esnearen kalitatean daukaten eragina aztertzea zen. Horretarako, hiru abeltegietako hemezortzi behorren esne laginak jaso ziren edoskitzaro osoan zehar (sei hilabete). Abeltegien arteko ezberdintasun nagusia maneiu sistema zen: lehenengoan, larratze denbora motza zen; bigarrenean, larratze denbora luzea eta belar onduarekin osatua; eta hirugarrenean, larraze denbora luzea eta belar siloratuarekin osatua. Laginen osaera orokorra eta mineralen, bitaminen, gantz azidoen eta polifenol totalen edukia aztertu zen teknika analitiko aurreratuak erabiliz. Esnearen ahalmen antioxidatzailea ere aztertu zen. Datuen analisi estatistikorako pausoen bidezko analisi diskriminatzailea erabili zen. Bai maneiu sistemak bai edoskitzaroak eragina izan zuten behor esnearen kalitate nutrizionalean. Oro har, maneiu sistemak esnearen gantz azidoen profila aldatu zuen, eta larratze denbora luzeagoak gantz azido onuragarrien (omega-3 poliasegabeak) eduki altuagoarekin erlazionatu ziren batez ere. Bestalde, edoskitzaroaren amaieran batez ere mineralen, gantz azidoen, proteina totalaren eta bitamina batzuen edukia murriztu zen. Lortutako emaitzen arabera, kalitate nutrizional handieneko esnea edoskitzaroaren hasiera-erdialdekoa eta larreetan bazkatu zuten behorrena zen.
Interferentziazko RNA, sarritan RNAi gisa laburtuta, eukarioto ugaritan aurkitzen den kate bikoitzeko RNA (dsRNA) molekula hartuta, transkripziozko geneak isilaraztea eragiten duen prozesu biologikoa da. Gene jakin batzuen espresioa ezabatzeak garrantzi handia du zelula garatzeko eta desberdintzeko, eta honek garrantzi handia edukiko du minbizia eta birusen aurkako defentsan. Gaur egun, interferentziazko RNAk nahiz eta duela gutxi aurkitutako molekulak izan, laborategietan erabilera terapeutikoan gero eta gehiago erabiltzen ari diren, biologia molekularreko erreminta garrantzitsuak bilakatu dira. Ildo horretatik, RNAi emaitza itxaropentsuak erakutsi ditu ikerketa klinikoetan, horien artean, infekzio birikoak, neuroendekapenezko gaixotasunetan edota minbiziaren tratamenduan.
Fabrikazioaren egungo erronken ondorioz, automatizazio industrialeko sistemak kontrolatzeko softwarea gero eta konplexuagoa da. Lan honek ekoizpen-sistemen lan-estazioetarako kapsulatutako kontrol-unitateen eraikuntza lantzen du. Software-osagai horiek MeiA 4.0. metodologiaren arabera eraikitzen dira. Metodologia horrek software-ingeniaritzaren eta automatizazio-ingeniaritzaren estandarrak jarraitzen ditu. Osagaiaren arkitekturak bi informazio-eredu ditu, lan-unitatearen egoera, ingurunearekiko konexioak eta kontrol-softwarearen egoera antolatzen dituztenak. Eredu horiek beste osagai batzuekiko elkarreragingarritasuna eta enpresaren maila estrategikoekiko integrazioa errazten dute. Osagaia automatizazio-proiektu batean inplementatzen da, IEC 61131-3 arauaren arabera, eta osagaian bertan txertatutako biki funtzionalarekin balioztatzen da. Kasu praktiko gisa, piezak mihiztatzeko zelula baten lan-estazio bat kontrolatzen duen osagaiaren garapena aurkezten da.
Ausazko saio klinikoak ikerketa klinikoaren estandar altuentzat hartu izan dira. Hala ere, diseinuan, jokaeran, analisian edota emaitzak argitaratzeko orduan egiten diren hutsegiteak interbentzioaren benetako eraginaren estimazio okerra lortzera bultza gaitzake. Horri alborapena deritzo. Alborapena neurtzeko asmoz, hainbat erreminta garatu izan dira urteetan zehar, hala nola, Jadaden eskala eta egiaztapen zerrendak. 2005. urtean, Cochrane Collaboration erakundeak, erreminta hauen paradigma aldatzeko asmoz, Cochrane RoB (“Risk of Bias”) erreminta argitaratu zuen. Hala ere, Cochrane Collaboration erakundearen erreminta pertsonetan egiten diren ausazko saio klinikoetarako sortu zen. Zentzu honetan, animalia-esperimentazioa gaur egun ere asko erabiltzen den ikerkuntza mota da. Ondorioz, SYRCLE erakundeak Cochrane RoBaren moldaketa proposatu zuen 2013. urtean animalia-esperimentazioaren esparruan erabilgarria bihurtzeko asmoz. Lan honetan, SYRCLEen moldaketaren erabilgarritasunaren analisia egin da PubMed datu basetik erauzitako artikulu lagin batetik abiatuta. Era berean, edozein alborapen arriskua baloratzen duten erreminten baliagarritasuna neurtzeko tresna aurkezten dugu hemen, PROBATES izendatuta.
LABURPENA: Antigorputz-farmako Konjugatuak (ingelesetik, Antibody-Drug Conjugates, ADC), lokarri kobalente kimiko baten bidez farmako zitotoxiko bati lotuta dauden antigorputz monoklonalak (ingelesetik, monoclonal antibodies, mAb) dira. Farmakoaren toxikotasuna antigorputzaren espezifikotasunarekin konbinatuz, minbizi zelulen ezabaketa eraginkorra lortzen dute ADCek. Minbiziaren aurkako ADC eraginkorrak diseinatzeko, beharrezkoa da mAb-ak ezagutuko duen itu egokia hautatzea, molekula zitotoxiko indartsuak erabiltzea eta odolean egonkortasun handia eta zelula-barneko askapen eraginkorra bermatzeko farmakoaren eta antigorputzen arteko konjugazio-metodo egokiak erabiltzea. Alderdi horietan egindako aurrerapenen ondorioz, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Elikagai eta Sendagaien Administrazioak (ingelesetik, Food and Drug Administration, FDA) 13 ADC onartu ditu, eta 140 hautagai baino gehiago daude fase kliniko desberdinetan. Minbiziaren aurkako farmako berri hauek terapia zuzenduaren aro berri bat gidatzen ari dira. Horregatik, ADCen osagaien alderdi molekularrak, horien ekintza-mekanismoa eta faktore hauek farmakoaren jardueran nola eragiten duten berrikusten dugu lan honetan. Honekin batera, onartutako ADCak berrikusten dira, baita hauen hurrengo belaunaldien garapenerako egungo eta etorkizuneko erronkak ere.
Autismoaren espektroko nahastea (AEN) etiologia genetiko handiko neuro-garapeneko nahasmendua da, gutxi gorabehera munduko biztanleriaren % 1,5–2ri eragiten diona. Ikerketek autismoaren arrisku aleloetako mutazioak sinaptogenesian eta funtzio sinaptikoan erabakigarriak direla ezarri badute ere, azkenaldian AENaren etiologia zelula glialetan ere perturbazio nabarmenak dakartzala ikusi da, hots, oligodendrozitoen desberdintzapen eta mielinizazioan. Berrikuspen honek gaur egungo ebidentziak sintetizatzen ditu, AENari lotutako aldaera arruntek eta arraroek funtzio neuronalean, oligodendrozitoen zelula aitzindarien bereizketan (OPC) eta oligodendrozito mielinizatzaile helduen eraketan nola eragiten duten jakiteko. Shank3ren mutazioak mielinaren ultraegitura eta gene-adierazpena kaltetzen duela adierazten da. Chd8ren mutazioek eskualdearekiko espezifikoa den OPCaren desberdintzapena eten eta garuneko substantzia zuriaren garapenean eragiten duten bitartean. Are gehiago, azken ikerketek OPC eta parbalbumina-positibo diren interneuronen arteko komunikazio sinaptiko anormalak, GABA-B hartzaileen eta TWEAK bezalako zitokinen bidez, AENaren patogenesian duen garrantzia adierazten dute.
Mintzen arteko Kontaktu Guneak (MKG) bi organuluren mintzak elkarrekin daudenean sortzen diren eskualdeak dira. Aingura-proteinen bidez mantentzen dira eta, bertan, proteina eta lipido espezifikoak aurki daitezke. Berriki, MKGen inguruko azterketak gero eta ohikoagoak bihurtu dira betetzen dituzten funtzio zelular garrantzitsuengatik, hala nola, ioien eta fosfolipidoen homeostasi prozesuak eta organulu ezberdinen fisio eta fusio prozesuak erregulatzea. Gainera, giza-osasunean ere rol garrantzitsua dutela ikusi da; izan ere, hainbat gaixotasunen garapenarekin erlazionatuta daude, esaterako, minbizia eta neuroendekapenezko gaixotasunekin. Azken urteotan, MKGen azterketarako bereizmen handiko fluoreszentzia mikroskopia (BHFM) beste teknika batzuen artean gailendu da. Lan honetan, MKGen ezaugarri eta funtzio biologikoak deskribatu eta laburbildu dira eta horien azterketarako eraginkorrak izan daitezkeen BHFM tekniken analisi sakona burutu da. Gainera, teknika bakoitzaren abantailak eta mugak jorratu dira. Amaitzeko, ikerketeta-helburua eta teknika bakoitzaren ezaugarriak kontuan harturik, BHFM teknika egokiena aukeratzeko gida bat garatu dugu.
Locus coeruleusa (LC) garun-enborrean kokatutako funtsezko nukleo noradrenergikoa da. Parkinson gaixotasunaren (PG) fisiopatologian egitura zentral gisa agertzen da eta badirudi gaixotasun honetan kaltetzen den lehen eremuetako bat dela, hasierako faseetan endekapen nabarmena baitu. Egitura honek 45.000 eta 50.000 neurona inguru ditu eta funtsezko zeregina du funtzio neurofisiologikoetan, hala nola, oroimenean, arretan edota lo-esna zikloaren erregulazioan. Eskualde kortikalekin eta azpikortikalekin duen konektibitate zabala dela eta garunaren homeostasia doitzen duen egitura garrantzitsu bat da. LC-aren zaurgarritasuna PG-ean hainbat faktoreengatik ematen da, esaterako, bere energia-eskaera handiarengatik eta gaixotasunean gertatzen diren prozesu patologikoen ondorioz. Hauen artean aipatzekoak dira Lewy gorputzen formakuntza eta neuromelaninaren metaketa bezalako asaldurak. Hauen eraginez, LC-ak estres oxidatiboa eta metabolikoa jasaten du. LC-eko neuronen galerak hainbat sintoma ez-motor eragiten ditu PG-ean: depresioa, asaldura kognitiboak eta REM loaren nahasmendua, besteak beste. Azpimarratzekoa da PG-ean LC-ren degenerazioak eragiten duen narriadura kognitiboa. Noradrenalinaren eskuragarritasunaren murrizketa progresiboak funtsezko funtzioetan eragiten du, esaterako, oroimenean, arretan eta malgutasun kognitiboan, eta horrek errendimendu intelektuala arriskuan jartzeaz ez ezik, pazienteen autonomian eta bizi-kalitatean ere eragin handia du. Sistema noradrenergikoari zuzendutako tratamenduek, atomoxetina edo nerbio bagoaren estimulazioa bezalako esku-hartzeak, defizit kognitiboak hobetzeko potentziala erakusten dute. Animalia-ereduek erakutsi dutenez, esku-hartze hauek sintomak arintzea ez ezik, efektu neurobabeslea ere badute, eta PG-ean ematen diren proteina patologikoen metaketa eta hantura murrizteko gai dira. Estrategia terapeutiko pertsonalizatu hauek bizi-kalitatea optimizatu eta PG-aren progresioa moteldu dezakete, LC-k neuroendekapeneko gaixotasun honetan duen garrantzia azpimarratuz.
Haurdunaldiak eragina izan dezake amaren aho osasunean, hainbat gaixotasunen zaurgarritasuna areagotuz. Gaixotasun hauek (adb. periodontitisa), umekiarentzat efektu kaltegarriak izan ditzakete, hala nola, jaiotzako pisu baxuegia edo aldez aurretiko erditzea. Haurdunaldian ahoko gaixotasunak pairatzeak dakarren arriskuaren berri izanda ere, haurdunen ahoko arreta espezializatuaren eskaera mugatua da Espainian; % 15a baina baxuagoa izanik. Emaginen kolektiboak harreman estua du haurdunekin jaio aurreko eta jaio osteko bisitetan; eta, beraz, funtsezkoa da haurdunaldian aho osasunari buruz duten ezagutza ebaluatzea, prebentzio-neurri egokiak ezartzeko asmoz. Horregatik ikerketa honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoko emaginen lagin batean haurdun dauden emakumeen ahoko osasunari buruzko ezagutzak zehaztea da. Zeharkako izaera duen behaketa deskriptibo bat egin da. Honetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko emagin aktiboei 2023ko abendua eta 2024ko otsaila bitartean autoebaluazioko galdetegi bat betetzeko gonbidapena egin zaie. 84 parte-hartzailek parte hartu dute ikerketan eta bildutako datuak modu anonimo baten Statistical Package for the Social Sciences software (SPSS) erabiliz aztertu dira. Ikerketa honen emaitzek emaginek haurdunaldiko ahoko osasunari buruzko neurrizko ezagutza dutela adierazi dute. Gainera, amaren aho osasuna sustatzeari buruzko gomendioak sartzea haurdunaldiko eta puerperioko arretarako praktika klinikoko gidetan garrantzitsua dela iruditzen zaie. Honez gain, haurdun dauden emakumeen ahoko osasunerako protokolo espezifiko bat izateko interesa adierazi dute. Ondorio gisa Euskal Autonomia Erkidegoko emaginek haurdun dauden emakumeen aho osasunari buruz duten ezagutza maila neurrizkoa dela ikusi da. Beraz, ezagutza maila hau hobetzeko neurriak hartu behar dira. Ikusitako emaitzen arabera, haurdunetan egin daitezkeen prozedurei buruzko ezagutza indartu daiteke eskainitako zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, bereziki prebentzio-neurriei dagokienez.
Lan honetan, mediku eta pazientearen arteko elkarrizketan paziente birtualaren rola hartuko duen gaztelaniazko txatbot baten prototipoaren sorrera eta hobekuntza teknikak aurkeztuko dira, lortutako emaitzekin batera. Helburu horrekin, lan honetan baliabideak garatu dira. Alde batetik, medikuaren galderen corpus bat osatu da, galdera bakoitza bere oinarrizko asmo edo intentzioarekin etiketatuta. Bigarren, txosten klinikoen multzo bat lortu da, txosten bakoitzarekin lotutako mediku-paziente elkarrizketarekin batera. Baliabide horiek erabilita, paziente birtualaren papera egin dezakeen txatbot bat entrenatu da adimen artifizialeko sare neuronalen bidez. Sistema ebaluatua izan da metrika desberdinak erabiliz emaitza positiboekin, horrela medikuntzako elkarrizketa sistema automatikoak eraikitzeko bidea irekiz.
Adinkeria adinagatiko diskriminazioa bezala ezagutzen da. Adinkeria hiru dimentsiok osatzen dute: kognitiboa, afektiboa eta jokabidekoa. Hezkuntzako esku-hartzeak eta adinekoekin kontaktua izatea adinkeriari aurre egiteko eraginkorrak direla erakutsi dute. Osasun-arloko ikasleetan adinkeria murriztea ezinbestekoa da kalitatezko zainketak ziurtatzeko adineko pertsonentzat. Beraz ikerlan honen helburua zahartze-prozesuari buruzko ezagutza areagotzeak eta adinekoekin kontaktua izateak zentro soziosanitarioetan praktika klinikoak eginez, estereotipo negatibo eta aurreiritzietan duten eragina aztertzea zen. Ikerketa Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean, Leioako Campusean, egin zen 2019/2020 eta 2020/2021 ikasturteetan. Kohortezko azterketa prospektibo honetan, datu-bilketa ikasturte bakoitzaren hasieran eta amaieran egin zen. CENVE eta DSE galdetegiak, estereotipoak eta aurreiritziak neurtzeko erabili ziren. 2019/2020 ikasturtearen hasieran eta bukaeran lortutako emaitzetan ikusi zen interbentzio taldean estereotipo negatiboen eta aurreiritzien beherakada bat eman zela, kontrol taldean aldiz ez zen inongo aldaketarik eman. 2020/2021 ikasturtearen hasieran eta bukaeran, bai interbentzio eta kontrol taldean esterotipo negatiboen beherakada bat eman zela. Aurreiritzietan aldiz ez zen aldaketarik eman ez interbentzio taldean ezta kontrol taldean ere. Beraz ondorioztatu daiteke zahartzeari buruzko hezkuntza eta zentro soziosanitarioetan praktika klinikoa uztartzen dituen esku-hartze batek nabarmen murriztu ditzakeela ikasleen zahartzeari buruzko estereotipo negatiboak eta aurreiritziak. HITZ GAKOAK: adinkeria, osasun zientzietako ikasleak, esku-hartzeak, estereotipo negatiboak, aurreiritziak.
Eskola-jazarpena haurtzaroan ohikoena den jokabide agresiboa da, eta ikasle batek beste ikasle baten ekintza negatiboak modu iraunkorrean eta berariazkoan jasaten dituenean edo horretarako arriskua duenean gertatzen da. Gainera, eskola-jazarpenaren prebalentzia eta inpaktua kontuan hartuta, osasun publikoko arazotzat jo dute zenbait adituk. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan haurren %16,8 biktima, erasotzaile edo erasotzaile-biktima direla balioesten da. Bestalde, haur eta nerabeen ongizate eta garapenean ondorioak eragin ditzake, besteak beste, funtzio exekutiboen garapen urriagoa eta arazo afektibo-emozionalak. Zentzu horretan, lan honetan eskola-jazarpena agertzeko probabilitatea areagotu edo murrizten duten aldagai biologiko, psikologiko eta sozialak jaso dira. Hala, eskola-jazarpenean eragin dezaketen aldagai biologikoak sexua, adina eta hormonak dira. Era berean, arrisku- edo babes-faktore izan daitezkeen aldagai psikologikoak zailtasun kognitiboak, gaitasun sozialak, adimen emozionala eta egokitzapen soziala, autoestimua, enpatia eta erresilientzia dira. Aldagai sozialei dagokienez, azkenik, eskola-aldagaiak, familia-aldagaiak, komunitatea eta maila sozioekonomikoa daude; baita bestelakoak ere, hala nola, ariketa fisikoa, obesitatea edo sexu- eta genero-identitatea. Hortaz, eskola-jazarpenaren prebentzioa eta esku-hartzea hobetzeko beharrezkoa da kausazko harremanak ezarri ahal izateko ikerketa-diseinuak erabiltzea, baita aldagaien arteko elkarrekintzak aztertzea ere.
Energia berriztagarrien integrazioa funtsezkoa da helburu klimatikoak betetzeko, baina hauek sorgailu sin-krono konbentzionalak ordezkatzen dituzten heinean, sistemaren inertzia eta indarra murriztu egiten dira,egonkortasun arazoak sorraraziz. Hori dela eta, sarearen konexio kodeek energia berriztagarrien bihurgai-luek babes funtzioak betetzea eskatzen dute. Lan honek bihurgailuen kontrolak aztertzen ditu, batez eretentsio baxuetan jarraitzeko gaitasunaren beharrak asetzeko. Sare desorekatuetan funtzionatzeko kontrolengaitasunak eta mugak aztertuko dira, eta emaitzak Matlab-Simulink bidez simulatuko dira. Bihurgailuenkontrol klasikoak hutsune bifasikoen aurrean funtzionatzeko gai direla ondorioztatu da, baina sare desore-katuetan kontrol bereziak inplementatzea beharrezkoa da sare kodeen funtzionalitateak betetzeko.